2015(e)ko urriaren 24(a), larunbata

Enpresa Batzordearen oharra


Bilbo, 2015eko urriak 26

Metro Bilbaoko lantaldeak, Enpresa Batzordearen eta Prebentzio Ordezkarien bidez gizarteari jakinarazi nahi diogu kezkatuta gaudela bezero gutxi batzuek azkeneko egunetan gure lankideak eraso, iraindu eta mehatxatu dituztela. 
Guztira, 29 irain eta mehatxu egoera eta 2 eraso fisiko zenbatu ditugu hiru hilabetean. Urriaren 21ean San Mamesen izandako erasoak gainezka eragin digu berriro. Iaz erasoen gora egin zutenean, salaketaren bidez, behera egin zuten liskarrek. Enpresa batzordeak gaitzesten ditugu portaera horiek eta arazo larri honi berehalako irtenbide egokiak emateko eskatzen dugu. 
Enpresaren zuzendaritzari eskatzen diogu irmoki heltzea gaiari. Arazoa egiturazkoa da, gure ustez, ez unekoa eta, ondorioz, 2007an ezarritako protokolo eta neurriak aplikatzen jarraitu behar dugu, utzikeria eta lasaikeria alboratuta.
Langileoi, berriz, lasaitasuna eta profesionaltasuna eskatzen dizkizuegu, baita ideiak eta ekarpenak egin ditzazuen, irain, mehatxu eta erasoen gaitz hau mozteko bide eta neurririk egokienak aurkitzeko.
Gizarteari, oro har, gurekin errespetuz eta elkarlanean aritzeko eskatzen diogu, Metro Bilbao erabiltzen dutenen % 99ek egiten duen bezala. Ezin dugu onartu gutxi batzuen jokabideek gehien-gehienen portaera txukunari itzal egiterik. 
Enpresa-batzordetik segituko dugu halakorik berriro gerta ez dadin lanean.
Batetik, orain arteko erasoak aztertzen ari gara zelan aurre egin proposatzeko: prebentzio-neurriak, baliabideak, pertsonak eta dirua, balizko irtenbideak.
Bestetik, halakorik gertatzen den guztietan salatu eta mobilizatzeko protokoloa martxan jarri dugu berriro.
Geltokietako langileak metroko erabiltzaileei laguntzeko eta informazioa emateko gaude. Iraina, mehatxua eta erasoak ez dira konponbidea. Jorratu dezagun denon artean errespetu eta elkarlanaren bidea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina